XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behin bakarrik atera nintzen beste monje batzurekin Lerma eta Covarrubias bisitatzeko.

Gainerantzean, monastegirako erosketak egiten zituen monjearekin joan nintzen hiru edo lau alditan hiri ingurura.

Berritasuna zen hiriarekiko erakarmen neurrigabe haren ama.

Eliza eta monastegi txiki hartan, hiritik at zeudenez gero, ixiltasuna baino ez zegoen.

Ordurarte horixe izan zen nire bizitza, bakartasun ixila.

Esku izan nuen goiz hartan komentuko bizitza eta hirikoaren arteko aldeez ohartzeko aukera.

Izugarriak benetan!.

Monastegiko baratzan fraileak erabateko ixiltasunean; hirian arotzaren zerraren hotsa, udal oihulariaren garrasiak, merkatarien deiadarrak Segoviako oihalak eskainiz, umeen jokuak.......

Eliza barruan otoizka monjeak, bakoitza bere bakardadean; tabernatik kanpo jarritako mahai baten inguruan, algaraka andana hura, ardoa zurrupaka.

Elizaren aurreko arroka baten gainean eguzkitan elizgizonak; merkatariek ipinitako estalgunepean mahaiaz mahai joaten hiriko bizilagunak, enparantza jendez gainezka zegoelarik.

Kontrast handiko bi mundu, arima eta gorputzaren isladak ote?.

Izkina batean dendari batek oihal ezberdin batzu zeuzkan erakusgai emakumeentzat.

Horren ondoan, irribarreen artean emakume gazte batzuk bizarginaren lekurantz so.

Nik mundu bitxi hari begiratzen nion jakinguraz behatzen zioten beraiek gizonen munduari.

Eta momentu honetan gauza bat aitortu beharra dut: emakume gazte hauek beste sexuaren interesa kutsatu zidaten; neure barruko zerbait itzartu zitzaidan, agian ernatu esan beharko nuke.

Honez gero, dendei, zapatariei, ehuleei...... behatzeari utzi nion emakumeak examinatzeko, goitik beherako xehetasun guztiak, higidurak (...).